XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestalde, ahal den zehazkien asmatu eta planifikatutako egitamuak ere gainean du Damokles-en ezpata: egitamuari mementoan behintzat ezjakintasunak eta ezinak ezartzen dizkioten akats eta mugetatik at ere, harek porrot egin dezake, gizonaren askatasunagatik hain zuzen.

Askatasun fits bat aski da arriskua sortzeko.

(Sarri askatasunik hestuena ametitzen dutenak ez ahal dira boluntarismorik handienean erortzen?).

Halere ez da besoak zintzilik gelditzen.

Ekin egiten du.

Baina zer da, ekintzaren saihestu ezineko arrisku horien gainetik, gizonari ekitera bultzatzen diona, sinesmena eta esperantza baizik? Eta non, edo zerk eta nork oinarritzen du gizonaren jokabidearen barnean kokatzen den esperantza hori, alienaziozko egoera baten fruitu ez den, eta giza-izatearen ekintza ororen barne eta muin den esperantza hori?.

Esperientzia hau erlijio-ikuspegitik interpretatuz, gizona Absolutu baten ametsetan bizi dela esango du teologiak.

Gizadi-historiaren une batekin gelditzea edo konformatzea eragozten digun Absolutua.

Giza-jokabidea oinarritu eta posible egiten duen Absolutua. Mugagabea.

Zehatz, kategorialki ulertezina zaiguna.

Jainko izenaz adierazi nahi duguna.

Horrela, mugarik ez duen etorkizunaren bila bizi da gizona. Etorkizun absolutua.

Jainkoa da gizonaren etorkizun absolutua.

Eta kristautasuna, etorkizun absolutuaren erlijioa da, K: Rahner-ek esan duenez (2) Ideia hauen sintesi bikain bat Rahner-ek Salzburgoko marxista eta kristauen arteko bileran (1965) emanikoa da: Le christianisme comme religion de l'avenir absolu. Ikus Marxistes et chrétiens. Entretiens de Salzbourg,Mamie, Paris 1968,219-235.

Garaudy ados dago arrazoiketa honen puska handi batekin: hau da, itxaropenak gizonagan duen eraginarekin, eta gizonak amestu duen absolutu horrekin.

Gizona, marxistarentzat (Garaudy-rentzat behintzat), ez da oraindaino, edo kondairaren une jakin batean, izatera iritsi denarekin agortzen.

Gizona da oraindik ez dena.

Hots: egungo gizona den bezalakoarekin, ezin daiteke muga gizona zer den, bere baitan hazitan bezala daramatzien ahalmen eta indarrak egiztatu eta mamitu arte.

Eta hori ez da sekula osotasunean gertatuko; etenik gabekoak bait dira ahalmen horiek.

Gizonak badu, bai, trazendentzia, Eta Absolutuaren bila doa, absolutuaren erakarmenak eraginda.

Baina horrek, Absolutuaren esijentziak eta eskabideak alegia, ez du esan nahi erantzunik badagoenik.

Egarriak ez du iturria frogatzen.

Beraz, Absolutu honi buruz, badela ez beste guztia esan dezakegu (3) Ik.De l'anathème au dislogue,89-90.